BIZIMODU BIRTUALA ETA ERREALA
astilekubatx2a @ 20:59
Konturatzen ez bagara ere, badirudi hainbat momentutan bizimodu birtual batean bizi garela, ez benetako errealitatean. Baina, hain barneratuta dugu mundu berri hau, non aurkitzea zaila egiten zaigun. Beraz, noiz bizi dugu errealitate birtual edo faltsu hori? Gaur egun, gure gizartea, hau da, lehen munduko gizartea, mundu birtual batean murgiltzen ari da gero eta gehiago. Baina hau ez da berria, ez da gaur egun asmatutako mundua; esan daiteke Grezia garaian jadanik bazegoela. Platon-ek bere haitzuloaren metaforan mundu birtuala azaltzen du dudarik gabe, hau da, ez dugu errealitatea benetan den moduan ikusten, beste batzuek, boteretsuek, hain zuzen ere, ikustarazten digutena baizik. Hori abiapuntu moduan hartuz, orain dela urte gutxi zenbait pelikula egin dute errealitate birtuala erakutsiz, hala nola: “Matrix”, “Abre los ojos” eta “El show de Truman”. Azkenengo filma honetan, gizon bat, jaio zenetik, aipatutako Platon-en kobazulo batean bizitzera derrigortu zuten; telebistako errealizadore batek erakusten ziona baino ez zuen ezagutzen. Baina, mundu birtual hau ez da bakarrik gertatzen guk “teknologia berriak” deitzen diegun aparatu edo ekintza berriekin, hala nola, internet, errobotika, klonazioa edo inteligentzia artifizialarekin. Eguneroko gauzetan ere hauteman daiteke. Esate baterako, telebistan Palestinari buruzko berriak agertzen direnean, atentatuekin edota bonbekin erlazionatuta daude. Hori dela eta, herrialde horretan bonbardaketak aparte ez dagoela ezer pentsatzen dugu. Komunikabideek ikusleek munduari buruz duten ikuspegia kontrolatzea lortzen dute eta hau, errealitate birtuala baino ez da. Beste adibide nabarmen bat da modan dauden bideojoko birtualak. Kontsola berri bat atera dute zeinean aginte berezi batekin, modu egokian mugituz eta telebista euskarria izanik, edozein kirola praktika dezakezu. Hori ez da benetako kirola, badirudi arren, kirol birtuala baizik.
Hori guztia dela eta, mundu birtual batean murgiltzen ari gara gero eta gehiago. Ondo begiratuta, edozein gauza izan daiteke egoera birtualaren sortzailea: medikuntza, zinema, telebista, politika… Horrela izanda, pentsaera bakarreko bidean dago gizatasuna eta hori arriskutsua da etorkizunerako.
Irati Quintano

Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi