mundu ideal bat
jonl @ 10:47
Zaratustrak zoroastrismoa K.a. VII. Mendean sortu zuenetik behin eta berriz errepikatu da honek proposatutako dualismo antagonikoa, moral erlijiosoaren sortzaile den postura alegia, ongia eta gaizkia (Ahura-Mazda eta Ahriman zoroastrismoaren kasuan) bereiziz. Zoroastrismoak sekulako eragina izan zuen hurrengo ehunurtekoetan sortu ziren erlijioengan, kristautasunean adibidez.
Jesukristok sortutako erlijioak bereizketa nabarmena egiten du ongia eta gaizkiaren artean eta ongiaren bidea erakusten du, sinesbide finko eta aldagaitz baten burutzapenaren bidez lortu dezakeguna. Baina nola helarazi dezake kristautasuna bezalako erlijio batek mundu on eta ideal bat? Hortaz, erlijioak, atea adina maratila dituenez, auzi hori nolabait konpondu ahal izateko Sokrateren garaitik datorkigun mundu inmaterial eta suprasensibleaz baliatzen da.
Jainkoak gizona paradisu ideal eta ezin hobe horretatik kanporatu zituen gure arbaso omen ziren Adan eta Eva; Horrela erlijio kristauak gizona uztarpetu egiten du, mundu honetan bizitzearen zama eta ERRUA egotziz. Modu honetan, salbazio baten beharra sortarazten du gizonarengan, eta kristautasunaren doktrina jarraitzearen truke locus amoenus horretara, paradisura itzultzeko aukera ematen digu, non Jainkoaren aldamenean egongo garen, haraindiko bizitza amaigabeaz gozatzen.
Baina mundu ezmaterial horren gainbeheraren seinaleak nabari ditzkegu iada. Pio Barojak Zientziaren Arbola liburuan, Andrés Hurtado protagonistaren ahotik esaten duen moduan zientzia da giztasuneko eraikin indartsuena (...) eta bloke zientifiko determinista horren kontra, zenbat uhin ez dira lehertu? Erlijioak, moralak, utopiak; (...) zientziak ez ditu bakarrik sakailatzen oztopo horiek, baizik eta bere burua perkekziontzeko darabiltza. Beraz, idazle donostiarrak esan zuen moduan, zientziarekin egin du topo erlijioak, eta behaketa eta esperientziaren bitartez zientzia enpiriko, autonomo eta kritiko baten bitartez, kristautasunak eraikitako mundu idealak behea jotzen du, etxola zaharkitua bailitzan. Zientziaren ibilera garaile hori demostratzen dituzten egoerak baditugu gaur egun, Vatikanok Linboaren ez-existentzia onartzean edo Darwinen eboluzionismoak kreazionismo kristaua irrigarri jartzean adibidez. Zientziak beraz, erlijioaren oinarri enpirikoa deuseztatuz (teoria kreazionistaren porrota esaterako), doktrinaren moralaren erorketa ekarri du.
Hortaz, zientziak Jainkoaren heriotzaren (ez elizaren heriotzarena, erakunde hau bizirik diharduelako) eragile nagusietakoa da, eta beraz, baita nihilismoaren sortzaile nagusietakoa ere. Zientziak betidanik egon den fede konbentzional, dekadente eta faltsua areagotu du, kontzientzi eta krisi morala areagotuz eta Jainkoak bere heriotzaren ostean utzitako hutsuneak ezer ezak, absurdoak bete du, gizartea noraezean utziz, baloreekiko umezurtz utziz gaur egungo gizona. Beraz, Nietzchek zoro baten ahotik Gaya Zientzia liburuan dioenez, guk, gizakiok hil dugu Jainkoa, bai, baina zientziak azken kolpea eman dio erlijioari.
Hala ere, XIX. mendean sortutako liberalismo politikoa eta ekonomikoa, herriaren bazka berria bilakatu diren balore objektiboak predikatzen dituen sistema boteredunak, beti boteretsua denak finkatzen baitu egia, bere egia, (gizakion arteko berdintasuna, demokrazia eta sufragio unibertsala...), Jainkoak utzitako hutsune hori betetzen hasi da, sinesbide eta moral objektiboa eta aldaezina ezarriz, moral kristaua bezain dekadentea (edo gehiago) dena.
Baina ezer ez da betierekoa, idolo guztien gainbehera etorriko da...

Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi